Pablo Ibarri gertatutakoa

CASOx1024_72%

1994ko ekainaren bukaeran, Florida estatuko (AEB) Mirarmar udalerriko etxe batean polizia sartu eta etxearen eta baita gaueko areto baten jabea zen Casimir Sucharski eta Sharon Anderson eta Marie Rodgers, bere bi dantzarien hilotzak aurkitu zituzten. Egindako ikerketak 1994ko abuztuaren 25ean Seth Peñalver eta Pablo Ibarren aurka ezarritako salaketa ondorioztatu zuen.

Bi salatuen aurkako lehen epaiketa Fort Lauderdalen, Floridan, izan zen 1997ko maiatzaren 5ean, baina 1998ko urtarrilaren 25ean baliogabetu zuten epaimahaia epaiaren inguruan ados jarri ez izanagatik.

1999ko urtarrilaren 11an epaiketa berri bati eman zitzaion hasiera. Epaimahaia hautatzeko garaian, Pablo Ibarri esleitutako ofiziozko abokatua atxilotua izan zen indarkeria matxistaren inguruko gertakari batengatik, izan ere, haurdun zegoen emakume bat kolpatu omen zuen. Pablo Ibarrek abokatua kargutik kentzeko mozio bat aurkeztu zuen, auzitegiak ukatu ziona, eta beste bat epaiketaren atzerapena eskatuz; azken hori auzitegiak onartu zuen. Seth Peñalveren aurkako epaiketak aurrera egin zuen eta hiltzera zigortu zuten.

2000ko apirilaren 17an Pablo Ibarren aurkako bigarren epaiketaren ahozko auzia hasi zen; ekainaren 14an epaimahaiak erruduntzat jo zuen. 2000ko uztailaren 24an zigorra zehazteko aldia hasi eta heriotza zigorraren ezarpenarekin bukatu zen.

Garai hartan, Peter Raben abokatuak Floridan hiltzera zigortua den Joaquín José Martinez espainiar herritarraren kasuak amaiera zoriontsua izatea lortu zuen. Ibar familiak haren zerbitzuak bereganatu eta Pabloren abokatu defendatzaile bezala kontratatu zuen.

Peter Rabenen eskutik, Pablo Ibarrek Floridako Auzitegi Gorenean apelazio bat aurkeztu zuen. Bertan, Pablori epaiketa justu bat izateko eskubidea ukatu zitzaiola argudiatzen zen, zigortu zuen auzitegiak fundamentu gutxiko froga zirkunstantzialetan oinarrituz hartutako erabaki okerrek prozeduraren fidagarritasuna hondatu zutelako. Apelazioak heriotza zigorraren ezarpena kasu honetan konstituzioaren aurkakotzat jotzen zen. Aurrekari gisa, apelazioan 112 kasu aipatzen ziren non antzeko prozeduraren irregulartasunengatik Floridako Auzitegi Gorenak epaiketa baliogabetzat jo zituen auzi berri bat burutzeko agindua emanez.

Pabloren helegitearen gainean azaldu aurretik, Floridako Auzitegi Gorenak Seth Peñalveren kasuan epaiketa berri bat hasteko erabaki zuen, bere abokatuak aurkezturiko antzeko apelazio baten ondorioz. Honek baikortasuna sorrarazi zuen bai Pablorengan, bai bere familian eta baita Pablok epaiketa justu bat izatearen alde agertu garenon artean ere.

Hala ere, 2006ko irailaren 7an, Floridako Auzitegi Gorenak Pablori auzi berri bat hasteko egindako eskaera ukatu zion.

Erabaki honek Pablo Ibarrek bere defentsarako estrategia hausnartu beharra eragin zuen. Horrela, Pablok heriotza zigorra ezarri zion jatorrizko epaitegira itzuli beharra zeukan eta Florida estatuko 3851 arauaren arabera mozio bat proposatu momentu hartan izan zuen ofiziozko abokatuak eginiko defentsa zein desegokia izan zen azalduz.

2009ko martxoaren 16an, Floridako Broward Countyko auzitegian entzute frogagarria burutu zen Pablo Ibarren defentsak aurkezturiko mozio bat aztertzeko. Bertan, hiltzera zigortua izan zen epaiketan Pabloren eskubide konstituzionalak ez zirela errespetatu argudiatzen zen, berez ez baitzuen behar bezalako abokatu-laguntza izan eta bere kontrako kargu-froga nagusiena, kalitate gutxiko bideo batetik harturiko argazki lauso bat, ez delako nahikoa pertsona bat heriotza-zigorrera kondenatzeko, are gutxiago hilketa gauzatu zen lekuan aurkituriko hatz markak eta DNA akusatuenarekin bat ez datozela ikusita.

Entzute frogagarriaren aurreko egunetan, Pablo Ibarren senideek eta Benjamin Waxman bere abokatu berriak Floridako hispanoen artean audientzia zabala duen Maria Elvira Live telebista saioan parte hartu zuten. Bertan, Pabloren auzia azaldu zuten, baita entzute frogagarriari buruz zituzten itxaropenak ere. Handik egun gutxira, Pablo Ibarri leporatzen zaion hilketa hirukoitzaren egiazko arduraduna ezagutuko luken pertsona bat, Juan Gispert, agertu zen telebista saio horretan bertan. Lekuko horren arabera, ustezko hiltzaileak berak aitortu omen zion hilketa xehetasun guztiekin. Testigantza hau Pablo Ibarren defentsaren mozio berri baten oinarria izan zen, hilketa-lekuan aurkituriko hatz-markak eta DNA arrastoak ustezko hiltzaile horrekin parekatuak izan zitezen eskatzen zuena.

Juan Gisperten arabera, jatorri Puerto Ricoarra duen 37 urteko William Ortiz litzateke 1994ko ekainean Casimir Sucharsky, Sharon Anderson eta Marie Rogersi tiro egin ziena. Adierazpenok egin ziren momentu horretan Floridako Columbiako espetxean zegoen kartzeleratua, Pablo Ibar hiltzera zigortu zuten hilketa hirukoitzarekin erlaziorik ez zuen delitu zerrenda luze bategatik.
Mozioa aztertu ondoren, Broward Countyko auzitegiko epaileak parekatze horiek egitea onartu eta kontrako jarrera zuen Floridako Estatua behartu zuen Pablo Ibarren defentsa lagun zezan parekatze lan horiek ahal bezain azkar egin zitezen.
Prozesu oso luze bat hasi zen orduan. Lehenik Ortizen hatz markak hilketa-lekuan baturiko aztarna askorekin parekatu ziren, baina emaitza ezezkoa izan zen. Hala eta guztiz ere, Ibarren defentsa DNA frogak egin zitezen tematu zen. Gogoratu behar da fiskaltzaren arabera hilketa-lekuan harturiko hatz markak Ibarren hatz markekin bat ez etortzea hiltzaileek eskularruak eraman zituztelako dela; baina hau oso eztabaidagarria da bideoa ikusi duen edonork froga dezakeen bezala. Argi kontraste gogorrak eta bereizmen oso txarreko irudiak dituen bideoa da eta horrek hiltzaileek eskularruak zituzten ala ez bezalako zehaztasunak bereiztea edo pertsonen nortasuna zehaztea zinez ezinezkoa egiten du.

Horrenbestez, 2009ko apirilean prozesu luze bati ekin zitzaion, jarraipen batzar ugariren, non epaileak DNAren parekatze prozesuaren segimendua egiteko aldeak deitzen dituen eta denboran luzatu zena fiskaltzak hastapenean oztopoak jarri zituelako parekatzea egin behar zuen laborategiari buruzko eskakizun multzo bat proposatu zuelako. Azkenean, 2010eko urrian, parekatzeak ezezkoa eman zuen. Pablo Ibarren defentsak ez zuen berri txar gisa hartu, zeren eta hilketa-lekuan hartutako DNA bat ez etortzea Ortiz hiltzaile bezala baztertzeko nahikoa bada, halaber Ibar baztertzeko ere balio izan beharko luke.

Epaileak kasua aztertzeko denbora eskatu zuen orduan, eta hilabetero edo bi hilabetero jarraipen batzarrak deitzen hasi zen bakarrik ondorio batetara oraindik ez zela heldu esateko.

2012ko otsailak 13an, Broward Countyko Auzitegiko Levenson epaileak azkenik Pablo Ibarri epaiketa berri bat onartzea ukatzearen epaia ematen du. Pablo Ibarrentzat kolpe latza izan arren, emaitza hau ez zen hain ustekabekoa, Broward Countyko Auzitegia bait delako hasieran bai Ibar, bai beste salatua –Seth Peñalver- hiltzera zigortu zituena. Dela Estatu Batuetan, dela gainerako mundu osoan auzitegi batek bere epaietako bat atzera botatzea estatistikoki oso zaila da –ezinezkoa ez, baina oso zaila bai- beste arrazoi batzuen artean erabaki hori kalte-ordain gogorren sorburu bihur daitekeelako.

Pablo Ibarren defentsak Floridako Auzitegi Gorenaren aurrean dei egin zuen berehala.

2012ko abenduaren 22an, azkenik, Pablo Ibarren aferan oso berri ona gertatu zen. 2012ko ekainean, Ibarrekin batera hilketa hirukoitzagatik hiltzera zigortua izan zen beste salatuaren epaiketaren errepikapena hasia zen. Abenduan, hamar egunetan deliberamendutan ibili ondoren, Broward Countyko auzitegiko hamabi pertsonez osatutako epaimahai batek Seth Peñalver errugabetzat jo zuen, bere erruduntasuna ziurtatzeko besteko nahikoa frogarik ez zegoelako ondorioztatu eta gero. 2006ko irailean Floridako Auzitegi Gorenak, heriotzara zigortu zuten epaiketa hartan emandako irregulartasun larriak zirela eta, Peñalverren epaiketaren errepikapenaren irizpena eman zuen. Gogoratu beharra dago Floridako Auzitegi Gorenak, Peñalverren epaiketaren errepikapena agindu eta aste betera, nahiz eta Ibarren kasuan irregulartasun berberak izan zirela onartu, bideotik ateratako argazkian oinarrituz honen epaia baieztatu zuela.

Epaiketaren prestatze lanak luze jo eta gero, epaiketa bera 2018ko urriaren 1ean hasi zen epaimahairen hautaketarekin. Azaroan hasitako ahozko auzian, froga zientifikoen bitartez defentsak agerian eman zuen Ibarrek ez zuela zerikusirik izan leporatzen zaizkien gertakarietan. Hala ere, epaileak hartutako zenbait erabakien ondorioz, ezin izan ziren epaimahairen aurrean aurkeztu beste froga garrantzitsu batzuk. Honez gain, epaimahaiak frogen ordez emozioen bitartez erabaki zezan fiskalak eramandako jokaera ez zuen inoiz zuzendu epaileak. Honek azaltzen du nola 2019ko urtarrilaren 19an epaimahaiak Ibar errudun jo zuen, nahiz eta frogen ikuspuntutik bestelako erabakia espero zen. Maiatzean, epaimahai horrek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Pablo Ibarri.

Epaiketa honen analisi zehatza dokumentu honetan irakur daiteke.

EspinosPaBLOiBAR