Egun bat Pablo Ibarren bizitzan
Pablori eskatu diogu kontatzeko nolakoa den bere ohiko egun bat espetxean. Honako hau da igorri digun kontakizuna. Pablok badaki web orrialde honetan aterako dela, beraz, textu honen erreprodukzioa eta argitalpena edozein euskarritan baimendua dago.
Nire egunak normalean garrasi ozen batzuekin hasten dira: “Chow time”, arrantxoaren ordua dela esan nahi duena, animaliak bagina bezala. Hau goizeko bost t’erdiak aldera gertatzen da; janaria plastikozko erretiluetan ekarri eta aurkitzen garen kaioletako atearen haga azpitik sartzen dute. Ziegak gutxi gora-behera bi hiru metrogatik neurtzen du, toki lar txikiegia hemen 25 urte edo gehiagotan heriotzaren zain diharduen gizakiarentzat.
Egunaren hasierara itzultzen naiz. Gosaria hartzen dut, geroagorako katilu batetan jartzen dudana, ezin bait dut jan eta berriro lo egin bihotzerrea eta bularrean mina izango ditudalako. Janaria geroagorako uzteko beste arrazoi bat gauetan gosea izaten dudala da. Gainera, Floridan, udak lar beroegiak eta oso hezeak dira. Tenperatura pixka bat baxuagoak ditugun momentu bakarra goizeko lehen ordutan da, eguzkia oraindik apal dagoenean. Ordu batzuk lo egiteko aprobetxatzen saiatzen naiz beroak eta poliziak, arbel argiztatu bat izan arren jakiteko ateak itxita dauden ala ez, itxita daudela ikusteko ate astunetan jotako zanpakoak eragiten duen hotsak esnatu aurretik.
Momentu horretan ezinezkoa da lo gehiago egitea; ez dugu aire giroturik eta izerditan blai esnatu ohi gara. Apur bat apaindu ondoren, eguna hasten da. Lehen gordetako gosaria bukatzen dut; hotza dago, baina bihotzerrea nozitzea baino hobea da. Gero, normalean nire apelazioan lan egiten dut, transkripzioak edo nire kasuari eragin diezaioketen lege berriak irakurriz, lagun diezadakeen akats edo okerren bat aurkitzeko itxaropenarekin. Eskutitzak ere idazten ditut bere elkartasuna agertzen didaten pertsonei, nire lagunei, nire emazteari eta nire familiari. Guzti hau goizetan irteten uzten ez digutenean.
Astean bitan uzten digute irteten, bi ordu aldioro. Egun batzuetan goizez kanporatzen gara, bederatziak eta hamaikak bitartean eta bestetan arratsaldez, ordubatak eta hirurak bitartean. Kanpoan, beste kartzelaratu batzuekin mintza gaitezke, saskibaloian (nire kirolik gustokoena) edo voley-ean jokatu, pisuak egin eta pasieran ibili. Zenbaketa baldin badago, alabaina, olgetarako tartea bertan behera uzten da. Baita euria egiten badu ere. Olgetarako tartea bertan behera utzi al den arrazoietako batzuk besterik ez dira horiek, eguna galdu eta ziegetara itzultzera behartzen gaituztelarik.
Bazkaria hamaika t’erdiak edo hamabiak inguruan heltzen da. Gosea badut, bazkaltzen dut; bestela geroagorako gordetzen dut horrela gauean goserik ez izateko. Gero nire apelazioan jarraitzen dut lanean edo bestela eskutitzak erantzuten. Ordubata t’erdiak edo ordubiak aldera gelditzen naiz nire soinketaren ohiturarekin hasteko, ariketa kardiobaskular batzuez eta sendotzeko beste batzuez osatzen dudalarik. Flexioak egiten ditut, koltxoi batuaren kontra boxeo pixka bat edo liburuz, paperez edo aldizkariz betetako poltsak jasotzen ditut. Bi orduz gero, ordu erdian lasterka egin eta nahiko izerdituta amaitzen dut.
Hainbesteko entrenamenduaren arrazoia ez da sasoi betean egoteko bakarrik, baita buruko osasuna mantentzeko ere. Niretzat, soinketa terapia bat bezalakoa da, pareta eta isolamendu honetatik kanpo ateratzen nau, nire egoeran ez pentsatzea ahalbidetzen dit. Horregatik, ahalik eta lanpetuen egoten saiatzen naiz; nire burua hemendik kanpo izateko eta nire familiaren hutsunea ez sentitzeko. Errutina bat izateak egunak hobeki eramaten laguntzen didala pentsatzen dut.
Nire familiaren edo emaztearen bisita jasotzeak ere on egiten dit; beraiek imajinatu dezaketen baino gehiago. Beraien elkartasun eta babesik gabe, maitasunik gabe, benetan maite zaituen jende horrekiko harremanik gabe, ez dakit nire burua nola egongo litzatekeen. Imajinatu ezazu 20, 25 edo 30 urte luzetan zehar giltzaperatuta, mundutik bakanduta egotea, lagunekin edo zuregatik arduratzen diren adiskide min horiekin erlaziorik izan gabe. Hemen jende asko dago zoratu dena familiarekin edo lagunekin erlazio hori ez izateagatik.
Eguneroko bizitzara itzultzen naiz. Afaria arratsaldeko bost’erdiak edo seirak aldera ekarri ohi dute, goseak larri izaten naizen unea, berehala afaltzen dudalarik. Gero, bainurako eguna den ala ez, honen baitan egoten da guztia. Astean hiru aldiz uzten digute dutxa hartzen, hamar bat minutuz. Dutxetara bizkarrean eskuak loturik ditugula eramaten gaituzte. Behin dutxan gaudela, bilurrak kentzen dizkigute. Konturatu baino lehen, dutxa bukatzen da eta zaintzaileak berriz ere eskuak lotu eta ziegara eramaten zaituzte bueltan, non gainontzeko gaua eta hurrengo eguna bertan giltzaperatuta emango duzun, beti giltzaperatuta, bakarrik, heriotzaren zain.
Gauez, telebista apur bat ikusten dut, kartzelan erosi behar duzun telebista berbera. Kirol gertaeraren bat, partidaren bat, programaren bat edo, zortea izanez gero, film bat. Irrati bat ere izan dezakegu, noski erosi beharra daukaguna. Nahikoa musika entzuten dut; ezin izango nuke imajinatu nire bizitza, hemen ala hemendik kanpo, musikarik gabe. Beste batzutan liburu bat irakurtzen dut, baina hain nekatuta egoten naiz nire apelazioa eta epaiketaren traskripzioak irakurtzeaz, azken aldian ez dudala liburu askorik irakurri.
Horrela, nekea heltzen da eta bero askorik egiten ez badu, lo hartzen saiatzen naiz. Atsegin dut lo egitea, leku honetan ezin bait dizkidate ametsak kendu. Geroago, berriz ere oihuak entzuten ditut: “Chow time” eta leku ilun eta izugarri honetan segitzen dudala konturatzen naiz… Nire eguna heriotzaren korridorean…
Pablo Ibar.
