| |
|
EGUN
BAT PABLO IBARREN BIZITZAN:
Pablori eskatu diogu kontatzeko nolakoa
den bere ohiko egun bat espetxean. Honako hau
da igorri digun kontakizuna. Pablok badaki web
orrialde honetan aterako dela, beraz, textu honen
erreprodukzioa eta argitalpena edozein euskarritan
baimendua dago.
|
Nire egunak
normalean garrasi ozen batzuekin hasten dira: "Chow
time", arrantxoaren ordua dela esan nahi duena,
animaliak bagina bezala. Hau goizeko bost t'erdiak aldera
gertatzen da; janaria plastikozko erretiluetan ekarri
eta aurkitzen garen kaioletako atearen haga azpitik
sartzen dute. Ziegak gutxi gora-behera bi hiru metrogatik
neurtzen du, toki lar txikiegia hemen 25 urte edo gehiagotan
heriotzaren zain diharduen gizakiarentzat.
Egunaren
hasierara itzultzen naiz. Gosaria hartzen dut, geroagorako
katilu batetan jartzen dudana, ezin bait dut jan eta
berriro lo egin bihotzerrea eta bularrean mina izango
ditudalako. Janaria geroagorako uzteko beste arrazoi
bat gauetan gosea izaten dudala da. Gainera, Floridan,
udak lar beroegiak eta oso hezeak dira. Tenperatura
pixka bat baxuagoak ditugun momentu bakarra goizeko
lehen ordutan da, eguzkia oraindik apal dagoenean. Ordu
batzuk lo egiteko aprobetxatzen saiatzen naiz beroak
eta poliziak, arbel argiztatu bat izan arren jakiteko
ateak itxita dauden ala ez, itxita daudela ikusteko
ate astunetan jotako zanpakoak eragiten duen hotsak
esnatu aurretik.
Momentu horretan
ezinezkoa da lo gehiago egitea; ez dugu aire giroturik
eta izerditan blai esnatu ohi gara. Apur bat apaindu
ondoren, eguna hasten da. Lehen gordetako gosaria bukatzen
dut; hotza dago, baina bihotzerrea nozitzea baino hobea
da. Gero, normalean nire apelazioan lan egiten dut,
transkripzioak edo nire kasuari eragin diezaioketen
lege berriak irakurriz, lagun diezadakeen akats edo
okerren bat aurkitzeko itxaropenarekin. Eskutitzak ere
idazten ditut bere elkartasuna agertzen didaten pertsonei,
nire lagunei, nire emazteari eta nire familiari. Guzti
hau goizetan irteten uzten ez digutenean.
Astean bitan
uzten digute irteten, bi ordu aldioro. Egun batzuetan
goizez kanporatzen gara, bederatziak eta hamaikak bitartean
eta bestetan arratsaldez, ordubatak eta hirurak bitartean.
Kanpoan, beste kartzelaratu batzuekin mintza gaitezke,
saskibaloian (nire kirolik gustokoena) edo voley-ean
jokatu, pisuak egin eta pasieran ibili. Zenbaketa baldin
badago, alabaina, olgetarako tartea bertan behera uzten
da. Baita euria egiten badu ere. Olgetarako tartea bertan
behera utzi al den arrazoietako batzuk besterik ez dira
horiek, eguna galdu eta ziegetara itzultzera behartzen
gaituztelarik.
Bazkaria
hamaika t'erdiak edo hamabiak inguruan heltzen da. Gosea
badut, bazkaltzen dut; bestela geroagorako gordetzen
dut horrela gauean goserik ez izateko. Gero nire apelazioan
jarraitzen dut lanean edo bestela eskutitzak erantzuten.
Ordubata t'erdiak edo ordubiak aldera gelditzen naiz
nire soinketaren ohiturarekin hasteko, ariketa kardiobaskular
batzuez eta sendotzeko beste batzuez osatzen dudalarik.
Flexioak egiten ditut, koltxoi batuaren kontra boxeo
pixka bat edo liburuz, paperez edo aldizkariz betetako
poltsak jasotzen ditut. Bi orduz gero, ordu erdian lasterka
egin eta nahiko izerdituta amaitzen dut.
Hainbesteko
entrenamenduaren arrazoia ez da sasoi betean egoteko
bakarrik, baita buruko osasuna mantentzeko ere. Niretzat,
soinketa terapia bat bezalakoa da, pareta eta isolamendu
honetatik kanpo ateratzen nau, nire egoeran ez pentsatzea
ahalbidetzen dit. Horregatik, ahalik eta lanpetuen egoten
saiatzen naiz; nire burua hemendik kanpo izateko eta
nire familiaren hutsunea ez sentitzeko. Errutina bat
izateak egunak hobeki eramaten laguntzen didala pentsatzen
dut.
Nire familiaren edo emaztearen bisita jasotzeak ere
on egiten dit; beraiek imajinatu dezaketen baino gehiago.
Beraien elkartasun eta babesik gabe, maitasunik gabe,
benetan maite zaituen jende horrekiko harremanik gabe,
ez dakit nire burua nola egongo litzatekeen. Imajinatu
ezazu 20, 25 edo 30 urte luzetan zehar giltzaperatuta,
mundutik bakanduta egotea, lagunekin edo zuregatik arduratzen
diren adiskide min horiekin erlaziorik izan gabe. Hemen
jende asko dago zoratu dena familiarekin edo lagunekin
erlazio hori ez izateagatik.
Eguneroko
bizitzara itzultzen naiz. Afaria arratsaldeko bost'erdiak
edo seirak aldera ekarri ohi dute, goseak larri izaten
naizen unea, berehala afaltzen dudalarik. Gero, bainurako
eguna den ala ez, honen baitan egoten da guztia. Astean
hiru aldiz uzten digute dutxa hartzen, hamar bat minutuz.
Dutxetara bizkarrean eskuak loturik ditugula eramaten
gaituzte. Behin dutxan gaudela, bilurrak kentzen dizkigute.
Konturatu baino lehen, dutxa bukatzen da eta zaintzaileak
berriz ere eskuak lotu eta ziegara eramaten zaituzte
bueltan, non gainontzeko gaua eta hurrengo eguna bertan
giltzaperatuta emango duzun, beti giltzaperatuta, bakarrik,
heriotzaren zain.
Gauez, telebista
apur bat ikusten dut, kartzelan erosi behar duzun telebista
berbera. Kirol gertaeraren bat, partidaren bat, programaren
bat edo, zortea izanez gero, film bat. Irrati bat ere
izan dezakegu, noski erosi beharra daukaguna. Nahikoa
musika entzuten dut; ezin izango nuke imajinatu nire
bizitza, hemen ala hemendik kanpo, musikarik gabe. Beste
batzutan liburu bat irakurtzen dut, baina hain nekatuta
egoten naiz nire apelazioa eta epaiketaren traskripzioak
irakurtzeaz, azken aldian ez dudala liburu askorik irakurri.
Horrela,
nekea heltzen da eta bero askorik egiten ez badu, lo
hartzen saiatzen naiz. Atsegin dut lo egitea, leku honetan
ezin bait dizkidate ametsak kendu. Geroago, berriz ere
oihuak entzuten ditut: "Chow time" eta leku
ilun eta izugarri honetan segitzen dudala konturatzen
naiz... Nire eguna heriotzaren korridorean...
Pablo Ibar.
|