Ongietorriak "Pablo Ibar" Heriotz Zigorraren aurkako Elkartearen                                                      web orrialdera

Ongietorriak izan zaitezte "Pablo Ibar" Heriotz Zigorraren aurkako Elkartearen web orrialdera. Elkarte hau Pablok berme guztiekin egingo den epaiketa berri bat izateko aukera lortu dezan sortu da. Beraren kontra burutzen ari diren zuzengabekeriaren eta ezarritako heriotz zigorraren larritasunaren aurrean, eskuartean dugun informazioaren arabera, bere defentsaren alde egin beharrean gaudela sentitzen dugu.

Orri honen helburua Pablok aspalditik nozitzen duen egoeraren berri ematea da eta baita bere errugabetasuna frogatuko duen epaiketa justu bat egitea ahalbideratuko duen laguntza lortzea ere.

Azken berriak

Joan den 2009ko maiatzaren 16an, Floridako (Estatu Batuak) Broward Countyko auzitegian audientzia frogagarria burutu zen Pablo Ibarren defentsak aurkezturiko mozio bat aztertzeko. Bertan, hiltzera zigortua izan zen epaiketan Pabloren eskubide konstituzionalak ez zirela errespetatu argudiatzen da, berez ez baitzuen behar bezalako abokatu-laguntza izan eta bere kontrako kargu-froga nagusiena -kalitate gutxiko bideo batetik harturiko argazki lauso bat ez delako nahikoa pertsona bat heriotza-zigorrera kondenatzeko, are gutxiago hilketa gauzatu zen lekuan aurkituriko hatz markak eta ADNa akusatuarekin bat ez datozela ikusita. Auzitegian aurkeztutako dokumentazio osoa, tramitean onartua izan dena eta izan ez dena, hemen kontsultatzen ahal da.

Audientzia frogagarriaren aurreko egunetan, Pablo Ibarren senideak eta Benjamin Waxman bere abokatuak Floridako hispanoen artean audientzia zabala duen Maria Elvira Live telebista saioan parte hartu zuten. Bertan, Pabloren auzia azaldu zuten, baita audientzia frogagarriari buruz dituzten itxaropenak. Handik egun gutxira, Pablo Ibarri leporatzen zaion hilketa hirukoitzaren egiazko arduraduna ezagutzen duen pertsona bat agertu zen telebista saio horretan bertan. Lekuko horren arabera, ustezko hiltzaileak berak aitortu omen zion xehetasun guztiekin. Testigantza hau defentsaren mozio berri baten oinarria izan da, non hilketa-lekuan aurkituriko hatz-markak eta ADN arrastoak ustezko hiltzaile horrekin parekatuak izan daitezen eskatzen den. Lekuko berri hori agertzen den telebista saioa hemen ikusten ahal da.

Mozioa aztertu ondoren, Broward Countyko auzitegiko epaileak parekatze horiek egitea onartu eta kontrako jarrera zuen Floridako Estatua behartu du Pablo Ibarren defentsa lagun dezan parekatze lan horiek ahal bezain azkar egin daitezen. Hala ere, Pablo Ibarrek bide judizial luze bat du bere aurrean oraindik, hemen eta hemen azaltzen den bezala.

Kasuaren bilduma

1994-ko ekainaren bukaeran, Florida estatuko (AEB) Mirarmar herrialdeko etxe batean polizia sartu eta etxearen jabea zen Casimir Sucharski eta Sharon Anderson eta Marie Rodgers emakumeen hilotzak aurkitu zituzten. Egindako ikerketak 1994-ko abuztuaren 25-ean Seth Peñalver eta Pablo Ibar-en aurka ezarritako salaketa ondorioztatu zuen.


OHAR GARRANTZITSUA:

"Pablo Ibar" Heriotz Zigorraren aurkako Elkartearen asmoa ez da inondik ere erailketa hirukoitz honen biktimez edo beraien familiakoez ahaztea.

Web orrialde honen edukia ez da inola ere pentsatua izan hurkoei ondorio larriak eraginez eta adiskide maitearen galerak eragiten duen mina bere senideei sufriaraziz indarkeria erabiltzen dutenen alde egiteko.

Biktimentzat ere justizia beharrezkoa da.

Eskatzen duguna alde batetik, erailketa hirukoitzaren egiazko errudunak zigortuko dituzten epaiketa justu bat da eta bestetik pertsona orori dagokion bizitzeko oinarrizko eskubidea urratuko ez duen zigorra, baita gaizkile izanda ere.


Bi salatuen aurkako lehen epaiketa Fort Lauderdale-n, Floridan, izan zen 1997-ko maiatzaren 5-ean eta 1998-ko urtarrilaren 25-ean baliogabetu zuten epaimahaia epaiaren inguruan ados jarri ez izanagatik.

1999-ko urtarrilaren 11-an epaiketa berri bati eman zitzaion hasiera. Epaimahaia hautatzeko garaian, Pablo Ibarri esleitutako ofiziozko abokatua atxilotua izan zen haurdun zegoen emakume bat kolpatzeagatik, familiako indarkeriaren gertakari bat bezala hartua izan zena. Pablo Ibarrek abokatua kargutik kentzeko mozio bat aurkeztu zuen, auzitegiak ukatu ziona eta beste bat epaiketaren atzerapena eskatuz; azken hori auzitegiak aprobatu zuen. Seth Peñalver-en aurkako epaiketak aurrera egin zuen eta hiltzera zigortu zuten.

2000-ko apirilaren 17-an Pablo Ibarren aurkako hirugarren epaiketa hasi zen; ekainaren 14-an epaimahaiak erruduntzat jo zuen. 2000-ko uztailaren 24-an zigorra zehazteko aldia hasi eta heriotz zigorraren ezarpenarekin bukatu zen.


Egun hoietan Peter Raben abokatuak zera lortzen du: Joaquín José Martinez, Floridan hiltzera zigortua dagoen beste espainiar herritar baten gertaerak denok ezagutzen dugun amaiera zoriontsua izatea. Ibar familiak bere zerbitzuak bereganatu eta Pabloren abokatu defendatzaile bezala kontratatzen du.

Peter Raben-en eskutik, Pablo Ibarrek Floridako Auzitegi Gorenean apelazio bat aurkezten du non Pablori epaiketa justu bat izateko eskubidea ukatu zitzaiola argudiatzen duen, zigortu zuen epaitegiak fundamentu gutxiko froga zirkunstantzialetan oinarrituz hartutako erabaki okerrek prozeduraren fidagarritasuna hondatu zutelako. Apelazioan heriotz zigorraren ezarpena kasu honetan konstituzioaren aurkako jotzen du. Baita apelazioan 112 kasuren aurrekariak aipatzen dira non lehen aipatu bezalako prozeduraren irregulartasunak Floridako Auzitegi Gorenaren partetik epaiketa baliogabetzat jotzeko erabakia suposatu zuten eta epaiketa berri bat burutzeko agindua.

Pabloren helegitearen gainean azaldu aurretik, Floridako Auzitegi Gorenak Seth Peñalver-en kasuan epaiketa berri bat hasteko erabakitzen du, bere abokatuak aurkezturiko antzeko apelazio baten ondorioz. Honek baikortasuna sorrarazten du bai Pablorengan, bai bere familian eta baita Pablok epaiketa justu bat izatearen alde agertu garenon artean ere.

Hala ere, pasa den 2006-ko irailaren 7-an, Floridako Auzitegi Gorenak ukatu egin zion Pablori epaiketa berri bat hasteko egindako eskaera.

Erabaki honek Pablo Ibarrek bere defentsarako estrategia hausnartu beharra eragiten du. Orain Pablok heriotz zigorra ezarri zion jatorrizko epaitegira itzuli behar du eta Florida estatuko 3851 arauaren arabera mozio bat proposatu momentu hartan izan zuen ofiziozko abokatuak eginiko defentsa zein desegokia izan zen azalduz.

Floridako abokatu langela entzutetsu batek apelazioa prestatzeko bere zerbitzuak eskaini ditu 300.000 dolarreko aurrekontu ireki baten truke eta epaiketan ordezkaritza lanak egiteagatik beste 100.000 dolarreko aurrekontua gehitu beharko litzaioke.

PABLO IBAR ERRUGABEA DA

Pablok beti ukatu du parte hartu izana zigortu duten hilketa horretan, bere burua errudun aitortzearen truke zigor txikiagoak eskainiagatik ere.

Gaur egun Pabloren emaztea denak, Tanyak, 16 urte zituen gertakariak eman zirenean. Orduan Pablorekin harremanetan hasi berri zen. Hilketaren egun zehatza jakin zuenetik, gau horretan Pablo berarekin egon zela aitortzen du. Ondoren Tanya Pablorekin ezkondu eta leial jarraitu du berarekin bere errugabetasunaren jakitun.

Prozedura judizialeko irregulartasunak:

a) Pabloren ofiziozko abokatuak defentsa onik ez zuela egin, une haietan gaixo zegoela (hirugarren epaiketaren atzerapena eskatu zuen ukatu ziotena) eta bere erruz pertsona bat heriotzaren korridorean egotea sentitzen duela publikoki onartu zituen euskal telebistak egindako erreportaia batean.

b) Legelari adituek ikerketaren eta epaiketaren garapenean irregulartasun prozesal garrantzitsuak aurkitu dituzte (adibidez, taldeko identifikazio-saio bat abokaturik gabe etab..)

c) Gertaeren tokian hartutako laginei eginiko DNA, hatz-aztarna eta ile azterketen frogetatik bakar bat ere ez dator bat Pabloren DNA, hatz-aztarna edo ilearekin; hori, hiltzaileak etxeko egongelan 22 minututan egon ziren arren, bitartean beraien mugimendu guztiak grabatuak izan zirelarik, eta horrek erakutsi al diezagukelarik non aurki daitezkeen identifikaziorako erabil daitezkeen laginak.

d) Pablori errua egozteko froga nagusia hilketa grabatu zuen bideotik ateratako oso kalitate txarreko irudi batetatik lortutako argazki bat da eta ondoren maneiatua izan zena. Hau Espainian, jasandako maneiaketa dela eta, ezin izango litzake epaiketa batetan froga bezala erabili. Kasuko fiskal berberak non epaiketan zehar hain tematsu erabili zuen irudi hau Pabloren erruduntasunaren gainean epaimahaia sinestarazteko, euskal telebistak eginiko erreportaian bera ez litzatekeela gai izango Pablo irudi horren bitartez ezagutzeko onartu zuen.